Azpiazu: “Madrilek, azkenean, onartu egin beharko du Espainia ez dela bat eta bakarra"

Pedro Azpiazu, EAJ-PNV Euskal Taldeko diputatua Kongresuan, ez da oso baikor agertu euskal herritarren borondatea beteko duen estatu-eredu berri bat bilatzeko José Manuel García-Margallo Kanpo Arazoetarako Espainiako ministroak egin duen elkarrizketa-eskaintzaren aurrean. Azpiazuk esan du ez dakiela non amaituko den Margalloren ahalegina, baina, adierazi duenez, “ez dago txarto gobernuak hitz egin behar dela esatea”. Ez da albiste txarra, baina ez dugu ilusio handirik egin behar, beste batzuetan ere honelako adierazpenek ez dutelako inolako fruiturik izan. Espero dugu Mariano Rajoyren gobernuak Euskadiren erabakitzeko eskubidea aitortzea”. Diputatu jeltzaleak nabarmendu duenez, “Madrilek, azkenean, onartu egin beharko du Espainia ez dela bat eta bakarra. Eurak ere konturatzen ari dira errealitatea den modukoa dela. Kataluniako eta Euskadiko debateak konponbidea behar duela, eta ez duela balio Ez eta kitto esateak". “Alderdi Popularreko eta Alderdi Sozialistako diputatuek ezin dute pentsatzen dutena esan, ortodoxia apurtuko luketelako, baina askok pentsatzen dute Kataluniako eta Euskadiko arazoei nolabaiteko konponbidea eman behar zaiela”.

Azpiazu: “Madrilek, azkenean, onartu egin beharko du Espainia ez dela bat eta bakarra 22Apirila 22 |
Berria

PARTEKATU

Margallok estatu-eredu berri bat eraikitzeko eskaintza egin du, baina Espainiako estatua osatzen duten lurralde guztiak presente egonda. Eskaintza horri dagokionez, Pedro Azpiazuk gehitu duenez, “Madrilek bilatu duen irtenbide horrek Konstituzioan nolabaiteko babesa aurkitu du, baina ez da ez logikoa, ez demokratikoa. Euskadin kontuan hartu beharrekoa Euskadiko herritarren borondatea da”.

Datozen Europako hauteskundeei dagokienez, euskal diputatuak nabarmendu duenez, Euzko Alderdi Jeltzaleak “beti egin du Europaren aldeko apustua, eta beti izan gara europazale. Europan oso erabaki garrantzitsuak hartzen direla uste dugu. Izaskun Bilbaok oso lan garrantzitsua egin du. Oso garrantzitsua da Europan egotea, informazioa, harremanak, gaitasuna eta abar edukitzeko. Azken finean, Europa demokratikoagoa izateko. Badakigu, europazaleak izan arren, Europak gabezia asko dituela, baina, horrexegatik, han egon behar dugu, hobetzen jarraitzeko".

Interesatu Zaitez