EAJk babestu du kudeaketan eredu aldaketa egon behar duela Donostiak aurrera egin dezan

Jeltzaleen Diputatu Nagusigai Markel Olanok esan du, EAJk pertsonak lehenesten dituela ideologia baino eta, aldiz, ezker abertzaleak kontrakoa egiten duela: lehendabizi ideologia eta, ondoren, pertsonak.

Donostiako alkategai Eneko Goiak azpimarratu du "bederatzi hilabete falta dira udal hauteskundeetarako eta epe honetan dugun erronka honakoa da: herritarrek argi ikustea EAJk ordezkatzen duen eredua dela Donostiak behar duen lidergoa eta proiektua".

EAJk babestu du kudeaketan eredu aldaketa egon behar duela Donostiak aurrera egin dezan 06Iraila 06 |
Berria

PARTEKATU

Gipuzkoako EAJk urte politikoari hasiera eman dio larunbat honetan eta, horretarako, hainbat ekitaldi antolatu ditu Donostiako Antigua auzoan. Ekitaldi nagusia eguerdian egin dute jeltzaleek eta, bertan, Gipuzkoako Diputatu Nagusigai Markel Olano eta Donostiako alkategai Eneko Goia 2015eko maiatzeko hauteskundeetarako erronkez mintzatu dira.

Diputatu Nagusigai eta egun EAJren batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok ohartarazi du krisialdiak muturreko ideiak piztu dituela eta horiek arriskutsuak izan daitezkeela. Eta, horren harira, honakoa salatu du: “Ezker abertzaleak ideologia chavista delakoa babesten du eta, ondorioz, bere nahi bakarra da arlo publikoa indartzea. Eta horretarako enpresen aurka egiten du, nahiz eta enpresak gure ekonomiaren ardatza diren. Eta horretaz jabetzeko nahikoa da ikustea Foru Aldundia garatzen ari den zerga politika: Gipuzkoako enpresen aurka ari da Bildu eta, bitartean, Atlantiar Ozeanoaren beste aldeko erregimen totalitarioetako buruzagiei harrerak egiten dizkie eta bere ereduak babesten ditu”.

Ildo beretik, Olanok segidakoa esan du: “EAJk argi du Gipuzkoako aberastasuna bermatzeko ez dugula petroliorik Hego Ameriketako lurralde horietan bezala. Guk aberastasuna herritarren lanari esker eta enpresei esker sortzen dugu. Horiek bermatzen dute Gipuzkoan aberastasuna sortzea eta gizarte-ongizate ona izatea”.

Hortaz, Markel Olanok azpimarratu du, ezin dela aberastasuna egoki banatu, baldin eta lehendabizi aberastasun hori sortzen ez bada: “Eta hori egiteko Gipuzkoan badugu formularik: industria egitura sendoa dugu aberastasuna sortzeko eta, ondoren, aberastasun hori egoki banatzen dugu. Hori da Gipuzkoako eredua, hain zuzen ere, krisialdiak sortutako muturreko ideologiek arriskuan jarri duten eredua”. Horrenbestez, Olanok ohartarazi du, Bilduk inposatu nahi duen ereduak Gipuzkoako ekonomia- eta gizarte-egiturak arriskuan jartzen dituela.

Era berean, EAJren Diputatu Nagusigaiak honakoa gogorarazi du: “Lehendakari Agirreren garaitik – orduan, EAJk muturreko jarrerak baztertu zituen – EAJk pertsonen duintasuna lehenetsi du. Eta, egun, gauza bera egiten jarraitzen du EAJk: pertsonak lehenesten ditu ideologiaren aurretik. Baina aitzitik, ezker abertzaleak kontrakoa egiten du: lehendabizi ideologia eta, ondoren, pertsonak”.

Bestalde, Donostiako alkategai Eneko Goiak honakoa esan du: “EAJ izan da historian zehar Donostia berreskuratzeko oinarriak jarri dituen alderdia. Egun, hiru urte pasa dira Bilduk Donostiako Udalean agintea hartu zuenetik. Horren harira, lehenik eta behin segidakoa esan nahi dut dudarik ez egoteko: ona da Bildu Donostiako Udalan egotea, baina gauza bat argi dut: Bilduk oposizioan egon behar du. Baina ez lege batek hala diolako, baizik eta herritarrek erabakitzen dutelako. Beraz, hurrengo bederatzi hilabeteetan dugun erronka da, herritarrek argi ikustea Donostiak behar duen proiektua eta lidergoa EAJk ordezkatzen dituela”.

Goiak, halaber, PP eta PSE alderdiei leporatu die beti alderdikoak izatea, eta Bilduri egotzi dio etorkizuneko ikuspegirik ez izatea: “PPk eta PSEk hiru urte pasa dituzte esaten Donostian boza gehien izan dituen alderdia alkatetzatik kendu behar dela. Eta, aldiz, orain, PPren aginteko Espainiako Gobernuak inposatuko duen lege bat aintzat hartzeko prest daude, hain zuzen ere, legealdi osoan egin nahi izan dutenaren aurkako legea. Eta, bitartean, Bilduk hiru urte pasa ditu agintzen eskuko frenoa botata. Izan ere, ezin du bere eredua inposatu, ez baita donostiar gehienen eredua”.

Azkenik, Donostiako alkategaiak honakoa adierazi du: “EAJ da egoera hau konpondu dezakeen alderdi bakarra”. Ondorioz, donostiarrei dei egin die EAJrekin elkarlanean aritzeko Donostian behar duen benetako proiektua martxan jartzeko.

Interesatu Zaitez