Gipuzkoako EAJ Batzarkide taldeak Larraitz Ugarteri eskatu dio azaltzeko zer dela eta ezkutatu duen Deskargako obretan gertatutako azkeneko istripua

Batzarkide-talde jeltzaleak Mugikortasuneko eta Bide-Azpiegituretako foru diputatuari eskatu dio, lehenbailehen, Batzar Nagusietako izen bereko batzordean parte hartzeko eta, bertan, azaltzeko nola kontrolatzen ari den Foru Aldundia segurtasun neurriak betetzen ari diren ala ez. Gogoan izan, Deskargako lanak Foru Aldundiaren eskumena direla.

Gipuzkoako EAJ Batzarkide taldeak Larraitz Ugarteri eskatu dio azaltzeko zer dela eta ezkutatu duen Deskargako obretan gertatutako azkeneko istripua 22Uztaila 22 |
Gipuzkoa

PARTEKATU

ELA sindikatuak bi salaketa jarri ditu azkeneko hilabetean Lan Ikuskaritzan, eta hain zuzen ere, GI-632 errepidearen lanetan, Deskargako gainean, gertatutako bi istripuren gainean: lehena, ekainaren 23an gertatu zen, eta kamioi bat irauli zen; eta bigarrena, uztailaren 14ean gertatu zen eta, orduan, luizi batek hondeatzeko makina bat estali zuen.

ELA sindikatuaren datuen arabera, lehenbiziko istripuan langile bat zauritu zen eta bertaratutako Ertzaintzari, suhiltzaileei eta anbulantziei ezkutatu zitzaien. Era, berean, lanen gertakarien liburuan ez zen horren berri eman. Horren harira, ELA sindikatuak salatu du langileak eta sindikatuen ordezkariak presioak jaso dituztela gertatutakoa ez argitaratzeko. Bigarren istripuan, ordea, luizi batek hondeatzeko makina bat estali zuen, hain zuzen ere, langile batek minutu batzuk lehenago utzitako makina.

Behin ELA sindikatuak salatutako gertakari larri horien berri izanda, eta Larraitz Ugarte foru diputatuak sindikatuari obretan gertatutakoa aztertzeko eskaerari ez diola erantzun jakinda, EAJ-PNVk segidakoa eskatu du: Mugikortasuneko eta Bide-Azpiegituretako foru diputatuak parte-hartzeko Batzar Nagusietako izen bereko batzordean eta, bertan, batzarkide-taldeei salaketen berri emateko. Halaber, jeltzaleek foru diputatuari eskatu diote azaltzeko nola kontrolatzen ari den Foru Aldundia segurtasun neurriak betetzen ari diren ala ez. Eta are gehiago, Deskargako lanak Foru Aldundiaren eskumena direnean eta 2013ko irailean langile bat hil zenean.

Azkenik, batzarkide-talde jeltzaleak honakoa salatu du: lehenik, gertakari hain larrien aurrean Larraitz Ugarteren interes falta eta informatzeko geldotasuna; bigarrenik, Larraitz Ugarte ez dela jarraitzen eta koordinatzen ari bere eskumeneko lanen segurtasun neurriak; eta azkenik, Larraitz Ugarte ez dela gardena izaten ari, izan ere, ez die batzarkide-taldeei gertatutakoaren berri eman”. 

Interesatu Zaitez