Senatuko Euzko Abertzaleak Taldeak betoa jarri die 2015eko Estatuko Aurrekontu Orokorrei

Senatuko EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak Taldeak betoa ezarri die 2015eko Estatuko Aurrekontu Orokorrei, Gobernuari berriz itzultzeko eskaria egitearekin batera.

Senatuko Euzko Abertzaleak Taldeak betoa jarri die 2015eko Estatuko Aurrekontu Orokorrei 21Azaroa 21 |
Senatua

PARTEKATU

Honetarako arrazoiak azaltzeko, Gobernuak austeritate hutseko edo defizita gutxitzeko arauak zorrotz aplikatzeko erabili duen errezeta aldatzeko aukera galdu izana argudiatu dute jeltzaleek, hauek babes sozialeko sistemari murrizketak eta Europako Estatuetako hiritarrei gehiegizko estutasun ekonomikoa baino ez dietelako ekarri. Gainera, Estatu barruko eskariak behea jo du, aurreikuspenek behera egin dute eta aberats eta txiroen arteko aldea areagotu egin da. “Ez du gaitasunik erakutsi estimulaziorako politika ekonomiko berria proposatzeko. Berrikuntza edota inbertsiorako babesik txikienik ere ez dago”.

Horrez gain, jeltzaleen arabera, Alderdi Popularraren Gobernuak aurretik dituen hauteskunde garai bietan pentsatuz diseinatu du bere proiektua. “Arazoa da koiunturazko erabaki hauek egiturazko ondorio negargarriak izango dituztela. Enpresei babesik eman gabe, dibertsifikaziorik gabe, berrikuntzarik gabe edota internazionalizaziorik gabe, ezin da etengabeko hazkunderik izango duen etorkizun ekonomikorik sortu, ezin da enplegurik berreskuratu”.

Datorren urteko aurrekontuen proposamenari betoa jartzeko beste arrazoi garrantzitsu bat Euskadiri bertan ematen zaion tratamendu zentzugabea da. “Euskadi ez da existitzen Estatuko Gobernuarentzat”. Ez zaio eskaera bakar bati ere erantzuna ematen (ez dago inbertsio berririk), sortutako arazo bakar bat ere ez da konpontzen (Foronda itxita mantentzen du) eta aurretik hartutako konpromisoak ere ez dira betetzen (AHT, Autopistak, Trenbideak edota FOGASA).

Gobernuari Kontrola

Bestalde, asteartean izango den Gobernuari kontrola egiteko saioan, Jokin Bildarratzek, Taldeko bozeramaileak, presoak bergizarteratzeko Estatuko Gobernuak zein politika sustatuko duen galdetuko dio Mariano Rajoy presidenteari, Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikulua betez.

Azkenik, Maria Eugenia Iparragirrek, Osoko Bilkura Emakumeenganako Biolentziaren Aurkako Egunean egingo dela aprobetxatuz, emakumeenganako biolentzia ezabatzeko jarraitu dituen politiken inguruko balorazioa egiteko eskatuko dio Gobernuari.

Interesatu Zaitez