“Eskola eta eskola-ingurua, biak beharrezko, bizikidetzan aurrera egiteko”
Urtearen azkeneko egunera arte itxaron du Eusko Jaurlaritzak jokabidez aldatu eta hezkuntza alorrera bakea ekartzeko. Giza Eskubideei buruzko urte biko eztabaida batere eredugarria ez dena eragin ondoren. Harrapaladan, alde batera utzi ditu Gobernu hitzarmenaren zutabe izan diren irizpideak, behinolako zuzenketa zuzendu egin du eta edozein gizarte demokratikorentzat oinarrizkoak diren bost konpromiso hartu ditu bere gain. Konpromiso horien artetik, hiru berba nabarmendu gura ditu EAJ-PNVk: “baloreak”, “jarrerak” eta “adostutako ekintzak”.
2012rako, beraz, EAJ-PNVk benetako jarrera aldaketa eskatzen dio Gobernuari. Ikastetxe ikastetxe entzun ditzala egon dauden bizikidetza arazoak. Kurrikuluko baloreak lantzeko askatasuna eman diezaiela ikastetxeei horretarako. Eta bizikikdetza elkarrekin lantzeko, eskola inguruko eragile desberdinen artean ekintzak adostu daitezen lan egin dezala era berean.
Bizikidetzan hezi egiteko ezinbestekoa da eskola-inguruko lana. Hala erakutsi digute gure ikastetxeetako esperientziarik arrakastatsuenek. Asko dago egiteko, hala ere. Berdinen arteko bizikidetzarekin arduratuta gabiltza; ikasleen arteko bizikidetzarekin alegia. Eta familiek eta auzoetako, herrietako eta hirietako eragileek egiten duguna baino gehiago egin dezakegu hezkuntzaren alde. Elkarrekin bizitzeko hezi egin behar dugu, baina baita elkarrekin bizi ere, hezi egiteko. Horra hor Administrazioaren lan-eremua. Bizikidetzaren alde egin behar du, egunean egunean, “adostutako ekintzak” bultzatuz, modu eredugarrian jokatuz, eskola eta eskola-ingurua, biak baitira beharrezko bizikidetzan aurrera egiteko”.
Arantza Aurrekoetxea Bilbao, EAJ-PNVko legebiltzarkidea
2012/03/26 16:00
Euskararen normalizazioa, geltoki asko dituen ibilaldia