Urkullu: “Ezin da berriz hain lotsagarri geratu”
2009/11/20Iñigo Urkullu EAJ-PNVren EBBren lehendakariak eskatu du "ezin da berriz errepikatu Alakranaren bahiketaren inguruan gertatu den lotsagarritasuna eta inprobisazioa". Urkulluren esanetan, agerian geratu da Estatuko Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren "antolaketarik eza".
Buruzagi jeltzaleak neurriak hartzeko proposamena egin du "hirugarren Alakrana gerta ez dadin" eta jarduera protokoloa egitea eskatu du halako egoerak ematen direnetako. Halaber, Indiako itsasoan segurtasun dispositiboa indartzeko eskaria ere egin du.
Gaur goizean eskaini den prentsa aurrekoan Urkullu Josu Erkoreka diputatuaren eta Unai Rementeria legebiltzarkidearen ondoan agertu da. Hauen artean ezagutzera eman ditu EAJ-PNVk datozen asteotan Europar Legebiltzarrean, Estatuko legebiltzarrean eta Eusko legebiltzarrean aurkeztuko dituen proposamen eta ekimenak "Alakranaren egoera berriz ere gerta ez dadin". Alakrana itsasontzia 47 egunetan egon da bahituta, somaliar piraten mende.
EBBren lehendakariak adierazi duenez "zalantzarik gabe, gaizki egin dutenek azalpenak eman beharko dituzte" eta iragarri du bere alderdiak "ardurak" argi eta garbi uztea eskatuko duela. Hala eta guztiz ere, Maria Teresa Fernandez de la Vega presidente ordearen eta Patxi Lopez lehendakariaren azalpenak entzun arte itxarongo du, gaiaren inguruko erabakia hartzeko.
Gaineratu duenez, Izaskun Bilbao eurodiputatuak Europar Legebiltzarraren aurrean defendatuko du asteazkenean bertan, arrantza ontzidiarentzat zabaltzea Atalanta Operazioak merkatal itsasontziei ematen dien babesa. Horrekin batera, proposatuko da Europa mailan arrantza egiteko oraingo egoeraren berri ematea eta "egoera hobetzeko formula juridiko eta politikoak" aztertzea. Hauen artean, estatu kideek beren itsasontziei ematen dieten babesa berdintzea proposatzen da.
Kongresuko Euzko Abertzaleak taldeak 2010-2025 epealdirako ZIentzia Lege eta Egitasmoa eskatu ditu
Gasteizko EAJ-PNVren Udal Taldeak tranbia zerbitzua behar diren orduetan ugaritzea lortu du