Erkoreka: “Administrazioak ez dira propaganda-operazioak bultzatzeko”
2009/12/29Kongresuan Euskal Taldeko bozeramailea den Josu Erkoreka "zuhur" azaldu da Alfredo Pérez Rubalcaba barne-arazoetako ministroaren adierazpenak baloratzean. Pérez Rubalcabak hipotesi gisa aipatu zuen ETA bahiketa bat egitea pentsatzen egon litekeela, "bizirik dagoela" frogatzeko. Erkorekaren iritziz, administrazioak "ez dira biztanleen artean alarma eragiteko, eta, are gutxiago, propaganda-operazioak abian jar ditzaketen benetako edo fikziozko datuekin jolasteko".
Iruñean prentsaurrekoa eman du, Nafarroako Ikastolen Federaziora bideratutako Estatuko Aurrekontu Orokorren partida bati buruz berba egiteko, eta prentsaurreko horretan adierazi du "zuhur" jokatu behar dela pertsonen eta ondasunen segurtasunari buruz hitz egiterakoan. Horrez gain, hauxe gogorarazi du: "herri-administrazio ezberdinetako Segurtasuneko eta Barne Arazoetako arduradunak delituak prebenitzeko eta eragozteko daude, eta, ez badituzte ez prebenitzen ez eragozten, delitugileak jazarri egin behar dituzte".
Nafarroako ikastolak
Nafarroako Ikastolen Federaziora bideratutako Aurrekontu Orokorren partidari dagokionez, burukide jeltzaleak hauxe nabarmendu du: "guztiz ezaguna da Foru Gobernuak Nafarroako ikastolei buruz daukan iritzia. Horri gehitu egin behar zaio Eusko Jaurlaritza berriak kendu egin duela orain arte Nafarroako ikastoletara bideratzen zen partida. Deigarria da koiuntura politiko berri honetan, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua inoiz ez bezalako lankidetza-akordioak lortzen ari direnean, lankidetza horren ondorioz, orain arte jasotzen ziren laguntzak txikitzea; lankidetzak, kasu honetan, gehitu beharrean, kentzea".
Egoera berri horren ondorioz, hezkuntza-eskaintza hobetzeko eta gure lur eta kulturara egokitutako proiektu aitzindariak abiarazteko ikastolek eginiko apustu sendoarekin batera, Nafarroako EAJ-PNVk "bi milioien zuzenketa" bultzatu du.
"Nafarroan, hainbat urtez, proiektuk askok jaso dute gobernu zentralaren laguntza, EAJ-PNVk negoziatutako zuzenketei esker, baina batek ere ez du inoiz horrenbesteko zeresanik sortu. Kontua da oraingoan laguntza ikastoletara bideratuta dagoela, eta, gai horren aurrean, aipatutako alderdiek euren jarrera oso argi utzi dute beti, hau da, euskararen sustapenari ez laguntzea, horretarako modua eta bidea edozein izanda ere", adierazi du.
Itun Ekonomikoa blindatzea
Amaitzeko, Erkorekak hau gehitu du: "Errioxako presidenteak iragarri du Itun Ekonomikoa blindatzearen aurkako errekurtsoa jarriko duela; horrek argi uzten du Basagoitik saltzen dituen lorpenak, hau da, PP konbentzitzea lortu duela, Rajoytik hasita, guztiz faltsuak direla".
Erkoreka enplegu transferentziari edukina emateko formularen alde, “Kutxa Bakarra gutxietsi gabe”
Josu Erkoreka: “EAJkook ‘lintxatu’ egingo gintuzten kale borroka gutxiesteagatik”
Urkullu: SE ha investigado y no tenemos nada que ocultar, lo que haya será personal"
Lo del saber, sí ocupa lugar....