Edinburgora abiatu den EAJ-PNVren ordezkaritzak “oso balorazio positiboa“ egin du eskoziarrak beren Etorkizuna erabakitzen ari diren egun honetaz. Galdeketaren emaitza bihar goizaldera arte ezagutuko ez den arren, eskoziar hiritargoak irabazi egin du jada. Lehenengo eta behin, bere Etorkizuna erabakitzeko aukera izan duelako; eta bigarrenik, giro adeitsuan eta gizalegez egin izan duelako, egoera erabat normal batean. “so balorazio positibo eta ona egiten dugu gaurko egunaz” baieztatu du Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek “Yes Hub” Eskoziaren independentzia bultzatzen duen kanpaina taldearen egoitza bat bisitatu duenean. “Hona etorri baino lehen, esan egin genuen garrantzitsuena zela irailaren 18a iristea eta eskoziarrek botoa eman ahal izatea. Gertatzen dena gertatzen dela, hautestontziak zabaltzen direnean, garaileak Eskozia eta eskoziarrak izango dira. Eskoziak eta Ingalaterrak eta bateko zein besteko gobernuek ikasbide paregabea eman digute, gauzak nola egin behar diren irakatsi digute, gatazken konponbidea nola bideratu behar den eta demokrazia hiritargo osoaren zerbitzura nola jarri behar den.Eta horixe da gaur hemen ikusten ari garena”. Ortuzarrek Eskozian irailaren 18an nagusi izan den “normaltasuna” azpimarratu nahi izan du. “Kalean beste egun normal batean egon daitekeen giroa dago, esango nuke kanpotik etorri garenak garela urdurien gaudenak. Eskoziarrek argi daukate jokoan zer duten,baina lasai daude, indar eta lasaitasun demokratiko paregabearekin”.
Kazetariek eskoziar erreferendumak EAJ-PNVren egitasmoetan eraginik izango ote duen galdetu diotenean, jeltzaleen buruak argi eta garbi hitz egin nahi izan du "Ez. EAJ-PNVn pentsatzen dugu euskal auzia konpontzeko, lehenengo eta behin etxean egin beharko dugula .Etxerako lanak izango ditugu Euskadin egiteko,gai hori estatuarekiko negoziaketa esparruan edo europar esparruan kokatzeko. Eskozian gaur gertatzen ari denarekin parekotasunik bilatu baino lehen, euskal herritarrok gure buruari begiratu beharko diogu aurrena, eta ikusi beharko dugu akordioetara iristerik ote dugun. Helduko da, gaur Eskozia dagoen antzeko egoeran aurkituko garen momentua, Eskoziako kasuan gustatzen zaiguna baita metodoa, akordiora iristeko modua. Zoritxarrez, atzokoan Rajoy presidenteak esan zuena entzuten dugu, eta ikusi egin dugu Cameronek egin duenetik zeinen urrun dagoen . Rajoyk europar aitzakia astindu du arriskuetako bat delakoan, baina mundu guztiak daki Erresuma Batuan Europaren aldeko inor badago, hori Eskozia eta eskoziarrak direla. Atzokoan Rajoy kontraesan handi batean erori zen,Europaren aldekoak eskoziarrak eurak direlako eta zalantzan daudenak ingelesak direlako. Rajoy-renak moduko arrazoi eta azalpenekin ematen du zail egingo zaigula,baina lehenengo eta behin lanak etxe barruan egin behar ditugu, euskal hiritarron artean adostu behar baitugu zer izan nahi dugun" esan du Ortuzarrek.
Iñaki Goikoetxeta, Joseba Aurrekoetxea eta Aitor Olaizola burukideekin eta Jose Maria Etxebarria EBBren Kanpo Gaietarako batzordeko arduradunarekin batera, Ortuzarrek parte hartze aktiboa izan du gaur Eskoziako erreferenduma egin den jardunaldian. Goizez , ordezkaritza jeltzalea "Yes Hub", baietzaren kanpainako gure batean izan da. Buruzagi jeltzaleek boluntarioekin hitz egiteko aukera izan dute, beren lan eta aurreikuspenak ezagutu dute eta babes eta adeitasun mezua helarazi diete. Era berean, Ortuzarrek Marco Biagi eskoziar parlamentuko kidea ezagutzeko parada izan du. Komunikabide ezberdinekin egoteko nazioarteko prentsa gunean izan ondoren, Ortuzar hautesleku batera hurbildu da eta bertan hautesleekin hitz egin du.
Ondoren, EAJ-PNVren ordezkariak Michael Keating Aberdeengo Unibertsitateko Zientzia Politiko irakasle eta Britainia Handia osoan eskoziar prozesuaren inguruan dauden aditurik nagusienetakoa denarekin elkartu dira. Berarekin izan dira ordu bete eta erdiz, ondoren Keatingek BBC telebista kateak eskoziar erreferendumari buruz prestatutako saio berezian parte hartzea zuelako. Arratsaldean, ordezkari jeltzaleek bozketa eguna kaleetan zuzenean bizitzeko eta boto zenbaketaren lehen momentuen lekuko izateko asmoa izan dute. Lehen emaitzak Eskozian goizaldeko 2:00ak aldera ezagutuko omen dira, ordu bete beranduago Euskadin.