Orbegozo: “Osasun sailarekin sinatutako kontzertuak onkologikoaren biziraupena bermatzen du”

Kerman Orbegozo EAJko legebiltzarkideak ziurtatu du Onkologikoaren biziraupena bermatuta dagoela eta ukatu egin du Osasun Departamentuak pribatizazioaren aldeko apustua egiten duela, Blanca Roncal PSE-EEko legebiltzarkideak gaur, Donostian, iradoki duen bezala

Orbegozo: “Osasun sailarekin sinatutako kontzertuak onkologikoaren biziraupena bermatzen du” 17Abendua 17 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

Orbegozok aditzera eman duenez, 20 urteko lankidetzaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Onkologikoak “Donostiako zentroaren biziraupena” bermatzeko akordioa sinatu zuten duela urtebete. Orbegozok esan du hitzarmen Onkologikoa “ziurgabetasun” egoeratik ateratzeko sinatu zela. Izan ere, aurreko Gobernu sozialistak, Rafael Bengoa buru zuela, zentroaren gastua murriztu zuela jakinarazi du, eta ondorioz, Onkologikora bidalitako gaixoen kopuruak ere behera egin zuela, egoera benetan larria sortuaz.

“Egoera horren aurrean, Darpon sailburuak Onkologikoari egonkortasun ekonomikoa ematea erabaki zuen, kalitateko arreta ematen jarraitzeko; eta, gainera,  Donostiako Ospitale Unibertsitarioarekin batera integrazio-prozesu funtzional bati hasiera eman zion”, azaldu du Orbegozok. Azkenik, Osakidetzaren eta Onkologikoaren arteko akordioa nabarmendu du, horren ondorioz,  “zentroaren jarduera sendotu delako eta bi erakundeen arteko itun estrategikoa finkatu delako arreta onkologikoan”.

Orbegozok erabat ezeztatu du EAJk Institutuaren aktibitatea pribatizatu nahi duenik. Ildo berean, ukatu egin du Onkologikoaren patronatuko kide den Osasun saileko ordezkariak pribatizazioaren aldeko erabakiak babestu dituenik, legebiltzarkide sozialistak goizean iradoki duen bezala. Orbegozok gogoratu du Onkologikoaren Patronatua erakunde zein alderdi politiko desberdinetako kideekin osatuta dagoela, eta horien artean PSE-EEko ordezkari bat dagoela. Kide guzti horiek erabakitzen dituzte zentroaren aktibitate eta estrategiak.

Honako hauek dira Patronatua osatzen dutenak:

-Kutxabankeko ordezkari bat

-Kutxa fundazioko ordezkari bat

-Langileen ordezkari bat

-Osasun Departamentuko ordezkari bat

-Gipuzkoako Medikuen Kolegioko ordezkari bat

-EH Bilduren ordezkari bat

-PSE-EEren ordezkari bat

Patronatuaren kideen zerrenda argitu ostea, Orbegozok adierazi du ez dakiela ea organo honen baitan eztabaidatu ote den Onkologikoaren aktibitatea dibertsifikatzearen gaia. “PSE-EEk badaki zalantzarik gabe, baina nahiago du arduragabea izan, egiari uko egun eta zalantza sortu”, deitoratu du legebiltzarkide jeltzaleak. Hori esanda, nabarmendu du Patxi Lopez lehendakari zen garaian bizi izan zuela Donostiako zentroak bere garai txarrena.

Eztabaidatik aldenduta, Orbegozok “seriotasuna eta zorroztasuna” eskatu dizkio PSE-EEri, eta bere Talde Parlamentarioak eta Jaurlaritzako Osasun Sailak Onkologikoarekin daukaten konpromisoa berretsi du.

Interesatu Zaitez