Andoni Ortuzar: “Euskadin politikagintzan aritzeko dugun moduak ustel eta garbantzu beltz horiengandik babestuago egoten laguntzen digu”

EAJ-PNVren EBBren presidente Andoni Ortuzar tinko eta sendo agertu da Espainiako ustelkeria kasuez hitz egiterako orduan, Euskadin egoera bestelakoa dela argi izanik, alderdi politikoek beren jardun politikoan bestelako praktika batzuk erabiltzen dituztelako.

Andoni Ortuzar: “Euskadin politikagintzan aritzeko dugun moduak ustel eta garbantzu beltz horiengandik babestuago egoten laguntzen digu” 30Urria 30 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Inor ez dago halako gauzengandik libre, ez da nahikoa barkamena eskatzea, zuzentzeko borondatea egon behar da halako delituak gertatzen direnean" . Era berean eskatu du legeak aldarazi baino lehen, erakunde eta alderdien buruzagitzan "pertsona garbiak jartzea, etika eta moral orbangabea dutenak". Ortuzarrek Onda Cero irratian eskaini duen elkarrizketan adierazi duenez, Euskadin kudeaketa lanean erabiltzen den moldeak toki txikiagoa ematen du ustelkeria kasuak gerta daitezen. "Egia da, herri txikiagoa garelako, politikoki oso zatituta dagoen herria garelako, hemen gehiengo absolutuak nekez eman daitezkeelako, behar bada, herri eta gizarte bezala, erkidegoari begira dagoen sistema dugulako, eta arriskutik kanpo ez gauden arren, Euskadin politikagintzan aritzeko eta kudeatzeko dugun moldeak aukera eta tarte txikiagoak ematen ditu,beste lekuetan, zoritxarrez, dauden garbantzu beltzak ager daitezen" esan du.

Rajoyk atzokoan +Euskadik munduko autonomiarik handiena du + esanez egin zituen adierazpenez galdetuta, Ortuzarrek zera erantzun du "egia da Euskadik autogobernurik handiena duela, baina egia ere bada handiagoa izan beharko lukeela Gernikako Estatutua bete gabe dagoelako eta askoz ere ahalmen handiagoak dituelako. Transferentzia piloa dago Euskaditik gobernatu beharko liratekeenak, euskal autogobernuaren ardurapean, eta ez daude. Rajoyk ezin du nahikoa dugula esan eta hori aitzakiatzat erabili. Bitxia da, legea betetzearen garrantzia han eta hemen azpimarratzen ari den gizonak konstituzio barruan dagoen legea ez betetzea. Heldu da Autonomia Estatutua betetzeko garaia, horrela egiten badugu, etorkizunari aurre egin ahal izango diogulako, estatus juridiko politiko horri,alegia. Iruzur egin zaigulako sentsazioa daukagu, tranpa egin digutela, herri honi gauza asko eta asko zor zaizkiola. Eta, bide horretan jarraituko dugu, aldarrikatzen".

Catalunyan sortu den arazoari dagokionez, jeltzaleen buruak zera adierazi du "Rajoy baldarkerian ari da catalunyar galdeketaren aurrean hartu duen jarrerarekin, herri batek gauzak horren argi dituenean eta, bidea aurkitzen duenean baten batek itxi egiten badio, kalitate txikiko sistema demokratikoa egikaritzen ari da eta, gainera, arazoa areagotu egiten da. Gaindituko dituzte eragozpenak.Eta ezin badute, frustrazioa sortaraziko zaie eta azkenean, Catalunya agian geratuko da espainiar Estatu barruan, baina borondatean, catalunyar gehienen buruan eta bihotzean, ez. Ez dago zure ondoan maite ez zaituena egotea baino gauza txarragorik" iragarri du.

Kutxabanken egoeraz galdetuta, EBBren presidenteak finantza erakunde hori egiten ari den lana goraipatu du: "Baikorra naiz Kutxabanken etorkizunaz. Espero dugu Espainiako Bankuak euskal kutxek eginiko alegazioak onartzea. Zentzugabekeria litzateke Estatu osoan kaudimen handiena duen erakundeari gauzak txarto egin zituztenentzat egin zen neurria aplikatzea”. Mario Fernandezek kapitala sarrerak indartzearren besterentzeko zabaldu duen aukeraz Andoni Ortuzarrek argi eta garbi hitz egin du "beste bankuekin akordioetara iristea ez da pribatizatzea, haztea da, Kutxabank handiagoa den bankuarekin ari delako lehian, baina kontrola eta erabakiak Euskadin hartuko dira. Kutxabank euskal eskuetan dago eta egongo da, banku fundazioen eskuetan".

Interesatu Zaitez